|
Abokatua
profesional independente bat da, eta zure aholkulari eta ordezkari gisa jardungo
du, organismo publikoen aurrean eta gainerako pertsona eta erakunde pribatuen
aurrean zure eskubideak eta interesak defendatzeko.
Gaur egun guztiz gainditu du abokatuak epaiketetan soilik esku hartzen duen
profesionalaren irudia. Herritarrek jakin badakite askotan oso baliagarria izaten
dela abokatu baten aholkularitza edukitzea epaiketa baten gastuak eta eragozpenak
saihesteko eta kezkatzen duen auzia ondo ebazteko, hala nola kontratu baten
negoziazioan, erreklamazio bat egitean, auzi bat ebazteko bitartekaritzan, testamentu
bat prestatzean, edo ezkontzako hitzarmenak prestatzean.
Abokatua gaur egun balio anitzeko teknikari bat da, eta, bere espezialitate-arloen
arabera, eta zehaztasun asmorik gabe, ondokoen gisako arloetan egin diezazkizuke
zerbitzuak:
a) Edozein prozedura judizialetan zure interesak defendatzea, jurisdikzio zibilean,
penalean, sozialean edo administrazioarekiko auzietakoan.
b) Mota guztietako kontratu publikoak eta pribatuak negoziatzea eta idaztea,
lanekoak, obrak egitekoak, zerbitzugintzakoak, ondasunen salerosketakoak, mailegukoak...
c) Edozein motatako higiezin-eragiketetarako, hau da, hiri eta landako finka
eta etxebizitzen salmenta eta/edo errentamendurako aholkularitza eta bitartekaritza
egitea, eta beharrezko kontratuak eta dokumentu juridikoak prestatzea.
d) Hirigintza-arloan zure interesak defendatzea eta aholkuak ematea, tokiko
administrazioen aurrean eta goragokoen aurrean asmo horrekin jardutea, eta beharrezko
formaltasun juridiko guztiak konfiguratzea (hirigintza-planak idaztea, konpentsazio-batzordeak
eratu eta kudeatzea, kontratuak prestatzea, kontratuak indargabetzea eta abar).
e) Aholkularitza fiskala, mota guztietako aitorpen eta betebehar fiskalak prestatzea
eta aurkeztea (Errentaren gaineko Zerga, BEZ, Sozietateen gaineko Zerga...).
Herri-ogasunen egintzen aurkako errekurtsoak eta erreklamazioak egitea.
f)Testamentuak idaztea, testamenturik gabeko jaraunsleen aitorpenak egitea,
jaraunspenen zatiketak egitea, jaraunspenaren arloko prozedura judizialak egitea.
g) Senar-emazteen erregimen ekonomikoari buruzko hitzarmenak idaztea (ondasunak
banatzea, irabazpidezko sozietatea…).
h) Jabetza intelektualaren eta industrialaren arloko eskubideei buruzko aholkularitza
eta eskubide horien kudeaketa (markak, patenteak...).
i) Edozein organismo publikoren zigor eta isunen aurrean defendatzea.
j) Edozein motatako administrazio-prozeduretan idatziak eta errekurtsoak idaztea
(nahitaezko desjabetzeak, herri-administrazioekin kontratatzea...), zure interesak
organismoen aurrean kudeatzea, eta mota guztietako lizentziak, baimenak, diru-laguntzak
eta abar lortzea.
k) Mota guztietako merkataritza-sozietateak eta sozietate zibilak eratu, kudeatu
eta desegitea, sozietateak berregituratzeko eragiketak bideratzea (bat-egiteak,
banantzeak...), eta enpresaren zuzenbidean aholkularitza orokorraz arduratzea
(merkataritza, lan eta zereginen arloko alderdiak, administrazio-zuzenbidea).
l) Mota guztietako batzar eta bileretan laguntzea (sozietateak, jabeen erkidegoak,
elkarteak...)
m) Familia barruko, enpresako, laneko eta beste arlo batzuetako auzietan bitartekaritza
egitea.
n) Pertsonen edo enpresen arteko edozein motatako auzi edo gatazka ebazteko
berdintasuneko edo zuzenbideko epaile gisa jardutea.
o) Istripuen ondoriozko erreklamazioak egitea istripuak eragin dituzten subjektuei,
aseguru-konpainiei eta/edo organismo publikoei.
p) Mota guztietako eskubideak eta pentsioak erreklamatzea Gizarte Segurantzari,
eta horiek kudeatzea (langabezia, erretiroa, amatasuna, ezintasunak...).
q) Mota guztietako lan-eskubideak negoziatzea eta kudeatzea (ordainsariak,
lan-baldintzak eta abar).
r) Mota guztietako zor eta betebeharren erreklamazioak egitea.
Segur aski pentsatuko duzu aipatutako zerbitzuetako batzuk beste profesional
batzuek ere egiten dituztela, eta baliteke profesional horien zerbitzua merkeagoa
izango dela pentsatzea. Aitzitik, jakin behar duzu abokatuak egiten dizkizun
zerbitzuak ez direla garestiagoak edo kostu handiagokoak. Gainera, abokatua
da zure interesak berme guztiekin defendatuko dituen eta aholkuak emango dizkizun
profesional bakarra:
1) Prestakuntza-bermea; abokatua profesional tituluduna da, Zuzenbidean lizentziatua,
eta bere ezagutzak eguneratzeko etengabeko prestakuntzako programa batean hartzen
du parte.
2) Berme deontologikoa: abokatuaren jarduna kode deontologiko zorrotzaren mende
dago, eta hori betetzearen kontuak eman beharko dizkio Profesionalen Elkargo
bati. Izan ere, nahitaez barne hartu beharko du Elkargo horretan, legeek aginduta.
3) Erantzukizun zibileko bermea: legeak agindutakoari jarraituz, erantzukizun
zibileko aseguru batek estaltzen du abokatua. Hori dela-eta, bere jardun profesionalean
gerta daitekeen edozein huts egite edo arduragabekeriaren ondoriozko kalte-galerak
ordainduko zaizkizula bermatuta izango duzu.
Gatazkaren bat baldin baduzu, erreklamaziorik jarri nahi baduzu, edo negozio
batean edo beste edozein motatako eragiketetan parte hartuko baduzu, ez ezazu
zalantzan jar, eska itzazu abokatu baten zerbitzuak, eta, hala, zure eskubideak
eta interesak berme guztiekin defendatuko diren ziurtasuna izango duzu.
|