ICAGI


Abokatuaren funtzioa

función abogado/a

Abokatua profesional independente bat da, eta zure aholkulari eta ordezkari gisa jardungo du, organismo publikoen aurrean eta gainerako pertsona eta erakunde pribatuen aurrean zure eskubideak eta interesak defendatzeko.

Gaur egun guztiz gainditu du abokatuak epaiketetan soilik esku hartzen duen profesionalaren irudia. Herritarrek jakin badakite askotan oso baliagarria izaten dela abokatu baten aholkularitza edukitzea epaiketa baten gastuak eta eragozpenak saihesteko eta kezkatzen duen auzia ondo ebazteko, hala nola kontratu baten negoziazioan, erreklamazio bat egitean, auzi bat ebazteko bitartekaritzan, testamentu bat prestatzean, edo ezkontzako hitzarmenak prestatzean.

Abokatua gaur egun balio anitzeko teknikari bat da, eta, bere espezialitate-arloen arabera, eta zehaztasun asmorik gabe, ondokoen gisako arloetan egin diezazkizuke zerbitzuak:

a) Edozein prozedura judizialetan zure interesak defendatzea, jurisdikzio zibilean, penalean, sozialean edo administrazioarekiko auzietakoan.

b) Mota guztietako kontratu publikoak eta pribatuak negoziatzea eta idaztea, lanekoak, obrak egitekoak, zerbitzugintzakoak, ondasunen salerosketakoak, mailegukoak….

c) Edozein motatako higiezin-eragiketetarako, hau da, hiri eta landako finka eta etxebizitzen salmenta eta/edo errentamendurako aholkularitza eta bitartekaritza egitea, eta beharrezko kontratuak eta dokumentu juridikoak prestatzea.

d) Hirigintza-arloan zure interesak defendatzea eta aholkuak ematea, tokiko administrazioen aurrean eta goragokoen aurrean asmo horrekin jardutea, eta beharrezko formaltasun juridiko guztiak konfiguratzea (hirigintza-planak idaztea, konpentsazio-batzordeak eratu eta kudeatzea, kontratuak prestatzea, kontratuak indargabetzea eta abar).

e) Aholkularitza fiskala, mota guztietako aitorpen eta betebehar fiskalak prestatzea eta aurkeztea (Errentaren gaineko Zerga, BEZ, Sozietateen gaineko Zerga...). Herri-ogasunen egintzen aurkako errekurtsoak eta erreklamazioak egitea.

f) Testamentuak idaztea, testamenturik gabeko jaraunsleen aitorpenak egitea, jaraunspenen zatiketak egitea, jaraunspenaren arloko prozedura judizialak egitea.

g) Senar-emazteen erregimen ekonomikoari buruzko hitzarmenak idaztea (ondasunak banatzea, irabazpidezko sozietatea…).

h) Jabetza intelektualaren eta industrialaren arloko eskubideei buruzko aholkularitza eta eskubide horien kudeaketa (markak, patenteak...).

i) Edozein organismo publikoren zigor eta isunen aurrean defendatzea.

j) Edozein motatako administrazio-prozeduretan idatziak eta errekurtsoak idaztea (nahitaezko desjabetzeak, herri-administrazioekin kontratatzea...), zure interesak organismoen aurrean kudeatzea, eta mota guztietako lizentziak, baimenak, diru-laguntzak eta abar lortzea.

k) Mota guztietako merkataritza-sozietateak eta sozietate zibilak eratu, kudeatu eta desegitea, sozietateak berregituratzeko eragiketak bideratzea (bat-egiteak, banantzeak...), eta enpresaren zuzenbidean aholkularitza orokorraz arduratzea (merkataritza, lan eta zereginen arloko alderdiak, administrazio-zuzenbidea).

l) Mota guztietako batzar eta bileretan laguntzea (sozietateak, jabeen erkidegoak, elkarteak…).

m) Familia barruko, enpresako, laneko eta beste arlo batzuetako auzietan bitartekaritza egitea.

n) Pertsonen edo enpresen arteko edozein motatako auzi edo gatazka ebazteko berdintasuneko edo zuzenbideko epaile gisa jardutea.

o) Istripuen ondoriozko erreklamazioak egitea istripuak eragin dituzten subjektuei, aseguru-konpainiei eta/edo organismo publikoei.

p) Mota guztietako eskubideak eta pentsioak erreklamatzea Gizarte Segurantzari, eta horiek kudeatzea (langabezia, erretiroa, amatasuna, ezintasunak…).

q) Mota guztietako lan-eskubideak negoziatzea eta kudeatzea (ordainsariak, lan-baldintzak eta abar).

r) Mota guztietako zor eta betebeharren erreklamazioak egitea.


Segur aski pentsatuko duzu aipatutako zerbitzuetako batzuk beste profesional batzuek ere egiten dituztela, eta baliteke profesional horien zerbitzua merkeagoa izango dela pentsatzea. Aitzitik, jakin behar duzu abokatuak egiten dizkizun zerbitzuak ez direla garestiagoak edo kostu handiagokoak. Gainera, abokatua da zure interesak berme guztiekin defendatuko dituen eta aholkuak emango dizkizun profesional bakarra:

1) Prestakuntza-bermea; abokatua profesional tituluduna da, Zuzenbidean lizentziatua, eta bere ezagutzak eguneratzeko etengabeko prestakuntzako programa batean hartzen du parte.

2) Berme deontologikoa: abokatuaren jarduna kode deontologiko zorrotzaren mende dago, eta hori betetzearen kontuak eman beharko dizkio Profesionalen Elkargo bati. Izan ere, nahitaez barne hartu beharko du Elkargo horretan, legeek aginduta.

3) Erantzukizun zibileko bermea: legeak agindutakoari jarraituz, erantzukizun zibileko aseguru batek estaltzen du abokatua. Hori dela-eta, bere jardun profesionalean gerta daitekeen edozein huts egite edo arduragabekeriaren ondoriozko kalte-galerak ordainduko zaizkizula bermatuta izango duzu.

Gatazkaren bat baldin baduzu, erreklamaziorik jarri nahi baduzu, edo negozio batean edo beste edozein motatako eragiketetan parte hartuko baduzu, ez ezazu zalantzan jar, eska itzazu abokatu baten zerbitzuak, eta, hala, zure eskubideak eta interesak berme guztiekin defendatuko diren ziurtasuna izango duzu.